Egun on Patxi,

Azken egunetan ez zaitugu ikusi irakasle-gelan, ezta kafe-makinaren ondoan ere; ez zaitugu entzun irakasle-kideekin parrez, ezta ikasleekin zalapartan ere...

Gurekin ez zaudelako, gure ondotik joan egin zarelako, eraman egin zaituztelako...

Batzuentzat irakasle, lankide besteentzat baina, askorentzat, lagun zara.

Langilea zinelako faltan botako zaitugu, Lizeoak sentituko du zure hutsunea, dudarik ez izan, asko egin duzulako ikastetxe honen alde, beldurrik ez zeniolako ordu luzeak lanean jarduteari... Lana egingo dugu guk ere, ziur, baita zure partez ere... Baina ez dakiguna da nola bete zure goizetako alaitasunak, bizitzeko gogoak, arazoei barre egiteko gaitasunak utziko digun hutsunea…

Hurbila zinelako epeltasuna ematen zenigun… Eta hotzez gaude orain… Izotz ondoko eguzki honek ere ezin gaitu berotu.

Eta gu bezala daude baratzeko larrosak eta kalak, hotzak, zu faltan botatzen zaituztelako. Ez dutelako bere artean zure figura tente, elegante berriro ikusiko, zigarro batekin egunari arrastoa jarraituz…

(Behin esan zenidan izango ez banintz inbentatu egin beharko nindukezula baina orain nik asmatuko zaitut, kafea usaintzean, behar bada, begiak itxi eta oraindik gurekin zaudela amestuz)

Esparrua: