1. Aurkeztu zure burua. Nola izena duzu, zer zabiltza ikasten, non ari zara egiten praktikak (enpesa, arloa, hiria, herrialdea).

Iker Murua - Robotika – Praga (Txekiar Errepublika)
Asier Peñagarikano – Robotika – Krakovia (Polonia)
Xabi Eskudero – Mekatronika – Wroclaw (Polonia)
Iban Tartas – Diseinua – Malta

2. Zergatik erabaki zenuen lan praktikak atzerrian egitea? 

Iker: hizkuntzagatik batez ere, itzultzean lan munduan ate gehiago zabaltzeko, curriculuma aberasteko, eta etxetik kanpo bizitzeko.

Asier: Ingelesa praktikatzeko baita ere, erronka moduan: gai zango al naiz etxetik kanpo atzerrian 3 hilabete pasatzeko? kultura eta jende ezberdinak ezagutzeko, eta baita Erasmus esperientzia bizitzeko gogoa nuelako ere.

Xabi: esperientzi berri bat bizitzeko, lagun baten gomendatu zidalako, aurretik Iker eta Asierrek aipatu bezala, beste kultura bat ezagutzeko, ingelesa praktikatuz.

Iban: nik ere ingelesa praktikatzeko, batez ere. Urteak daramat ingelesez hitz egiten, aurretik surf camp-etan lan egin dudalako, baina ez nuen egiten modu zuzenean, eta atzerrian ingelesez egoki aritu beharrean topatu naiz. Curriculuma ere aberastu nahi nuen; aurretik 10 urtez egin nuen lan arlo industrialean, beste bost beste arloetan, eta garrantzitsua iruditzen zait geldirik ez egotea. Honetarako atzerrian praktikak egitea aukera ona iruditu zitzaidan eta baita autonomia areagotzeko ere bai, bide batez. 

3. Zein izan da inpresio orokorra? (enpresan eta eguneroko bizitzan, orohar).

Xabi: ni unibertsitatean aritu naiz lanean motor baten mantenuan, baina lan gutxi zegoenez azken hiru asteetan BMW enpresan aritu naiz, lan teknikoagoa egiten. BMW-n baliabide oso onak zituzten eta esperientzia oso aberasgarria izan da. Eguneroko bizitzari dagokionean, hemen ez bezala, edozertarako garraio publikoa hartzera ohitu beharra izan dut. Bestalde, Polonia herrialde oso erlijiosoa da, katolikoa, eta oso nabarmena da egunero bizitzan; Aste Santuan lore sortak eramaten zituzten elizara, bai haur zein heldu. Gainera, Joan Paulo II-ren beatifikazioa izan da Aste Santu honetan eta herrialdean ez da beste konturik izan denboralditxo batean. Polonian emakumeak orohar oso ederrak dira; hala ere, nik pentsatzen nuen gehienak ile horiak izango zirela baina ez, beltzaran asko dago! 

Asier: enpresan jendea oso irekia izan da, giro oso ona izan dugu lanean. Ez dut robotikako prestakuntza espezifikoa jaso, milaka lan ezberdin egiten aritu naiz; dena dela enpresa bizitza ezagutzeko esperientzia bikaina izan da. Poloniarrak irekiak dira, beti daude laguntzeko prest, batez ere ingelesez dakitenak. Gazte gehienek badakite ingelesez, jende helduak aldiz ez. Krakovia hiri ederra da, eta sekulako bizitza du. 

Iban: Maltan teknologiari eta legediari dagokionez gurekin alderatuta nahikoa atzeratuta daude, 30 bat urte esango nuke, baina herrialdearen funtzionamendua gurea baino hobea da. Oso praktikoak dira eta efizientzia maila oso altua da, eta langabezia oso baxua da. Bizi maila altua da, zenbait gauza hemen baino garestiagoak dira, argindarra eta ura kasu, baina etxebizitzen alokairuak adibidez merkeagoak dira. Sentimendu nazionala oso nabarmena da; turista asko dago eta bertakoek mehatxutzat dute hau. Orain Maltako bertako hizkuntza indartzeko jaialdiak egiten hasi dira, eta gobernuak ere kontzientzia ari da hartzen bertako kulturaren inguruan. Enpresari dagokionean, enpresa txikia zen, eta lan ezberdinak egiten aritu naiz. 

Iker: Lanari dagokionean, Txekian hemen izango nukeena baino orokorragoa izan da, hemen praktikak eginez gero usted dut Robotika arloan espezifikoagoa izango zela. Eguneroko bizitzari dagokionean, esperientzia positiboa izan da: nire kontu lasai bizi izan naiz, eta bertako kultura atsegina da, Praga ez da hiri handi eta hotz bat, herrikoia da. Lehen bi asteetan beti erdialdetik ibiltzeko joera nuen baina denbora pasa ahala benetako Praga ezagutu dut. Eta oraindik ezagutzeko asko utzi dut.

4. Animatuko al zenituzke beste ikasleak lan praktikak atzerrian egitera? zergatik?

Iban: ikasle orok egin beharko lituzke lan praktikak atzerrian gutxienez hiru hilabetez. Autonomia ariketa bat da; nik Maltan ezagutu dut 20 urteko jendea sekula garbigailu bat jarri gabea edo tortila edo makarroiak inoiz prestatu gabea. 
Xabi: guztiz gomendagarria da. Dena da berria: lana, hizkuntza, elkarbizitza… esperientzia zeharo aberasgarria da. Aukera izanez gero, aprobetxa!
Iker: nik ere animatuko nituzke, bizimodu ederra da eta esperientzia ona. Ingelesa lantzeko aukera ematen du eta nire kasuan txekieraz zerbait ere ikasi dut. Autonomia ariketa sakona da, pentsatu egin behar da hurrengo egunerako zein otordu egin, norbere erropa garbitu…

Asier: Zalantzarik gabe. Behar dena irekia izatea da eta gogotsu joatea. Hizkuntza maila dena delakoa izanda ere, moldatzen da gogoa duena! Pertsona bezala gauza berriak ikasten dira eta norbere buruan aldaketa bat eragiten du, gauza guztiekiko; dirua administratzen, norbaitek kalean laguntza eskatuz gero irekiagoa izaten… Bidaiatzeko irrika ere sortzen da, aukera handia ematen du Europaren bihotzean egoteak, eta eskura daude leku asko, bai geografikoki eta bai ekonomikoki: ni Budapest, Praga, Berlin, Varsovia, Wroclaw-en… izan naiz. Ni berriz gustura itzuliko nintzateke atzerrira lanera!